Zer egin alerta baten aurrean?
Produktu kimikoak manipulatu, biltegiratu edo garraiatzen dituzten industrietatik gertu bizitzeak aukerak dakartza komunitatearentzat, eta, aldi berean, segurtasunaren arloko ardura. Produktu kimikoak tartean dituen larrialdi-egoera batean, azkar eta zuzen jokatzeak aldea ekar dezake.
Hemen azaltzen dizugu zer egin behar duzun, pausoz pauso.
- Etxetik kanpo bazaude, babestu arnasbideak zapi edo arropa batekin.
- Itxi zaitez azkar leku seguru batean, barrualdeko geletan.
- Zigilatu kanpora ematen duten ateetako zirrikituak zapi bustiekin edo zinta isolatzailearekin.
- Entzun irratia edo konektatu mugikorrera; jokatzeko aholkuei buruzko informazio ofiziala 112 SOS DEIAK-en eta Seguridad KIMIKA-ren sare sozialetan argitaratzen da.
- Ez erabili aire girotua eta ez aireztatu.
- Ez erre eta ez piztu surik. Itzali argia beharrezkoa ez bada.
- Erabili telefonoa eta haren bateria garrantzitsua den horretarako bakarrik: sorospen-taldeekin harremanetan jartzeko.
- Ez joan haurren bila eskolara, ezta senide eta lagunen bila zentro publikoetara ere. Han primeran ezagutzen dute larrialdi kasuan jarduteko protokoloa.
- Ez atera kalera larrialdia amaitu arte. Agintariek arriskua igaro denean abisatzen digute megafonia, sirena edo irratiaren bidez.
Larrialdi kimikoa!
Zer egin behar dut?
Produktu kimikoak erabiltzen dituen enpresa batek larrialdi bat jasan dezake produktu horiek manipulatzen diren eremuetan:
- Prozesu-plantak: Jardueraren oinarri diren eraldaketak edo erreakzioak egiten diren eremuak dira. Normalean, prozesuan ez da substantzia kantitate handirik erabiltzen; beraz, arriskua barnekoa da kanpokoa baino gehiago.
- Biltegiratze-eremuak: Ekoizpenaren fase desberdinetan produktuak gordetzen dituzten gordailuak, bidoiak eta abar. Dena kontrol zorrotz baten pean arautzen da.
- Eroanbideak edo rack-ak: azalekoak zein lurpekoak, substantzia horien garraioa hodien, gasbideen, oleoduktuen eta abarren bidez egiten da.
Autobabes-aholku horiez gain, Abanto-Zierbena, Hernani, Lantarón, Santurtzi eta Zierbena herriek sirena-sistema bat dute herritarrak ohartarazteko.
Identifikatu soinua eta jokatu horren arabera.
ALERTA-ABISUA
Alerta iragartzeko, sirena batek minutu bateko hiru seinale errepikatuko ditu, bost segundoko isilune-tarteekin.
ALERTA-AMAIERAKO ABISUA
Alerta amaitu dela iragartzeko, 30 segundoko sirena-seinale jarraitu bat entzungo da.